IOAR URKIRI ARREITUNANDIA (ELKARRIZKETAREN BIGARREN ATALA)
Ondarru Igeri Taldeko entrenatzailearekin solasean jarraitzen dugu ( 2023 irailaren hasiera).
1- 2022-23 denboraldian, entrenatzaile daramazun bigarrenean, Bizkaiko txapelketan 21 domina, Euskadiko txapelketan 7 domina eta bi igerilarik Espainiako txapelketarako minimak lortu zituzten. Gainera, Benjamin mailan, Bizkaiko igeri taldeen sailkapenean Ondarru Igeri Taldea hirugarren sailkatu zen, Santurtzi eta Getxoren atzetik. Zein da emaitza hauek lortzeko sekretua?
Gogotsu lan egitea eta motibazioa izatea: esfortzuaren bitartez, emaitza onen lorpena ematen da, lorpen horiekin igerilarien motibazioa pizten da eta motibazioarekin lana errazagoa bilakatzen da. Dena lotuta dago!
2- 2023-24 denboraldian emaitza horiek errepikatzea zaila izango da. Zeintzuk dira denboraldi berrirako zure helburuak eta zer hobetu beharko litzateke ?
Bai, arrazoia duzu… ez da batere erraza izango talde moduan lortu genuena berriro errepikatzea, baina saiatu egingo gara. Aurtengo helburua berdina da: haurrei motibatzea, bide horretan baino ez baitugu lortuko nahi ditugun emaitzak. Hobetzeko beti daude gauza asko, beraz, orain arte izan ditugun oztopoen ondorioz garatu ezin izan ditugun alderdien lanketarekin hasiko gara.
3- Taldeko partaide guztiak pozik eta lanerako gogotsu izaten dituzu. Nola egiten duzu?
Hainbat urtez kirol hau praktikatu izan dudanez badakit oso gogorra dela, hortaz, bakoitzaren urteko helburua zein den jakin eta horren arabera, exijentzia maila bat edo beste ezartzen dut. Modu horretan, entrenamendura nahi dutelako etortzen dira eta beraien helburua betetzeko behar duten beste.
4- Zientzia eta Teknologia 3. Edizioan, Aduna Badiola eta Igor Rodriguezekin izan zenuten mahai borobilean, emaitzak eta denborak baino garrantzitsuagoa igeriaz disfrutatzea zela esan zenuen. Nola lortzen da hori?
Bai, inongo zalantzarik gabe… baina parte handi batean elkarri lotuta doaz. Lehen aipatu dudan bezala, emaitza onen ondorioz motibazioa pizten da, baina, zer da hori? Lorpen on bat pertsonaren araberakoa izan behar da eta ez du zertan denborarekin zerikusia izan, hau da, teknika garatzea eta jauzia hobetzea ere emaitza ezinhobeak izan daitezke. Beraz, norberak ezartzen duen helburua lortzea emaitza bikaina izan daiteke, eta aldi berean, prozesuaz disfrutatzea lortu behar dugu.
5- Zure aita Ondarru Igeri Taldean burubelarri lanean aritu izan da. Zeintzuk dira ematen dizkizun aholkuak ?
Aita izan da niretzat entrenatzaile onena, nire lorpen guztien eragile nagusia eta momentu txarrenetan aurrera jarraitzeko indarra eman didana. Gaur egun ere, bera da entrenatzaile moduan zalantzaren bat sortzen zaidanean deitzen dudan lehenengo pertsona eta lortzen ditugun emaitza guztien berri ematen diot. Nigan konfidantza duela adierazten dit beti, beraz, aholkuren bat eskatzen diodanean baino ez dit laguntzen, nire lana neure moduan egiten utziz.
6- 2023-24 denboraldirako badira aurreko elkarrizketatik aldatuko diren zenbait gauza: igerilekuan kale bi izango dituzue eta zenbait material erostera zoazte. Zertan eragingo dute bi arlo hauek zuen entrenamenduetan?
Iaz, hainbat entrenamendu aldatu behar izaten nituen azken momentuan horrenbeste pertsonekin kale batean aritzea ezinezkoa suertatzen zelako, beraz, aurtengo saioen kalitatea hobea izango da. Horrez gain, aipatu duzun bezala, material berriarekin egingo dugu lan, hortaz, orain arte landu ezin izan ditugun zenbait alderdi garatuko ditugu.
7- Ondarru Igeri taldeko igerilariak nolakoak direla esango zenuke?
FAMAUK (ja,ja,ja) baina apalak, askotan beraien buruarengan ez dutela sinesten adierazten dute, talde handien ondoan txiki sentituz. Zorionez, beraien pentsamendua errealitatearekin bat ez datorrela ikusteko aukera izan dute aurten!
8- Ondarru Igeri Taldeak 37 urte bete ditu. Nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Ez da erraza Ondarru bezalako herri txiki batean eta ditugun instalazioekin aurrera jarraitzea, baina Ondarru Igeri Taldean beti erakutsi da maila ona eta gaur egun ere, gauza politak lortzen ari da, beraz, beste hainbat urtetan taldea hazten joatea baino ez dut espero.